2010/11/04

Bizkaiko zubia.

Nork ez du inoiz Bizkaiko zubia begiratu? Zer dakizu bere historiari buruz? Hemen ipintzen dizuegu bere historiari buruzko datu batzuk.


 Duela 112 urte, 1893ko uztailaren 28an, Bizkaia Zubia inauguratu zen, herritarren artean "Puente Colgante", "Portugaleteko Zubia" edo, besterik gabe, "Transbordadorea" deritzona.
 Bizkaia Zubia Ibaizabal ibaiaren ahoan ("Bilboko itsasadarrean") kokaturiko garraio-azpiegitura da, Bilboko estuario nabigagarria XIX. mendera arte  itsasora irekitzen zen gunean kokatua.  Bizkaia Zubia bidesaripeko transbordadore-zubia da, eite guztiz funtzionala eta erabilgarria duena, estetika inola ere bilatu gabe, paradoxikoki, ezin ederragoa. Ekimen pribatuak sortu, diseinatu eta eraiki zuen 1887 eta 1893 urteen artean, bere burdinazko gorputz eskergaren bitartez Portugalete eta Getxo udalerrietako gaur egungo hiri-lurzoru biak elkartzeko. 

 

 Bizkaia Zubia zubi eseki transbordadorea da, garai bateko burdina-mea garraiatzeko aire-tranbien jarraitzailea. Metalezko egitura du, errematxatutako 51 metroko lau sareta-dorrek eusten dutena, kable bidez tenkaturikoak eta binaka lotuak. Bi dorre-bikote horien artean, ertzetik ertzera, kable parabolikoak hedatzen dira, eta kableetatik zintzilik 160 metroko taula, urazaletik 45 metroko altueran itsasgoran Taulatik gurdi mekaniko bat lerratzen da, nabigazioan enbarazurik ez egiteko moduan, eta gurditik zintzilik plataforma bat, ontzitxoa alegia, ibaiertzaren mailan, dozena bat auto eta berrehun pertsona garraia ditzakeena batetik bestera. Tresna mugikor honek bi ibaiertzak lotzen ditu, gau eta egun etenik gabe modu jarraian. Zubiak ia sei milioi bidaiari garraiatzen ditu urtean eta 24 orduz egunean eta 365 egunez urtean jarduten du lanean etenik gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario